Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

ARABAKO EMAKUMEZKOEN KIROLA IKUSTARAZTEKO III JARDUNADIA

ARABAKO EMAKUMEZKOEN KIROLA IKUSTARAZTEKO III JARDUNADIA

14 kirol-diziplinatako erakustaldiak eta parte-hartze zirkuitu bat hartuko ditu Andre Maria Zuriaren plazak

Emakumezkoen Kirola Ikusarazteko III. Jardunaldia izango da datorren larunbatean, uztailak 4, Andre Maria Zuriaren plazan. Ekimen horren bitartez, emakumezko kirolarien lana eta kemena ezagutzera eman nahi zaizkie gasteiztarrei. Euskal pilota, kirol egokitua, mahai-tenisa, curlinga, futbola, sokatira, saskibaloia, padela, gimnasia erritmikoa, karatea, tranpolin-jauzia, esgrima, borroka eta atletismoa egongo dira presente. Guztira, Arabako 27 klub, federazio eta erakundek parte hartuko dute antolakuntzan.

“Kirola, gizarteko beste zenbait esparru bezalaxe, desberdintasun-esparru bat da oraindik orain, eta emakumeen presentzia erreklamatu beharra dago, emakumeen protagonismo handiagoa, hainbat emaitza arrakastatsu lortzen ari baitira. Hainbat klub, jokalari eta teknikarik dihardute lanean Gasteizen, astero-astero, beren ahaleginarekin eta ilusioarekin kirol proiektuak aurrera atera eta horietan parte hartzeko, eta horiek ezagutzera eman beharra dago”, adierazi du Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Iñaki Prusillak, zeinek jardunaldiaren aurkezpenean parte hartu baitu, Araski taldeko lehendakaria eta Araba Dxtfem ordezkaria den Livia Lopezekin batera.

Emakumezkoen Kirola Ikusarazteko III. Jardunaldiko ekitaldiak 16:00etan hasiko dira, parte-hartze irekiko zirkuitu batekin, Andre Maria Zuriaren plazan, eta 21:00ak arte iraungo dute. 18:00etan, hortxe bertan, jardunaldiko ekitaldi nagusia egingo da, manifestu bat irakurriko da, antolatzaileek aurten aukeratu duten lema buru duela: “Zerbait aldatzen ari da – Gehiago nahi dugu!”. Jarduera-programaren baitan, jardunaldian zehar hainbat kiroletako erakustaldiak izango dira.

Aurreko edizioan bezala, kirol modalitateen zirkuituan herritarren parte-hartzea sustatzeko, pasaporte bat emango da, plazaren erdian jarriko diren standetan. Zirkuitua burutzen dutenei opari-sorta bana emango zaie. Era berean, zozketa handi bat egingo da parte hartzen dutenen artean.

Gogoratu beharra dago 675 lagun igaro zirela iaz, Emakumezkoen Kirola Ikusarazteko Jardunaldian, standetatik. Horietatik, 275ek parte-hartze irekiko zirkuitua burutu zuten. Bereziki handia izan zen haur eta gaztetxoen parte-hartzea.